83. iruzkina, 2002ko martxoak 1

      ZERGATIK MANTENDU NATO?

      NATO (Atlantiar Iparraldeko Itunaren Erakundea) erakundea 1949 apirilaren 4ean sortu zen eta bere barnean "Atlantiar Iparraldeko" 12 herrialde batu ziren. Hasera batean SEBSek 1948ko ekainaren 24ko Berlinen aurka egindako blokeoaren erantzuna izan zen, baina bere zabaltasunean Gerra Hotzaren Mendebaldearen eraketa militar zentrala izan zen, eta berau Mendebaldeko herrialdeek osatzen zuten. Beraz, argi pentsatzen ahal zen, gerra hau amaitutakoan NATO desagertu eginen zela, baina ez zen hala suertatu. Are okerrago dena, bizi izaten jarraitu zuen eta lehen Vartsoviako Itunaren partaide ziren Ekialdeko herrialde batzuk, orain erakunde honetako partaide dira. Vartsoviako Ituna izan zen Gerra Hotzak iraun zuen urteetan NATOren kontrako aldea.

      Baina geure buruari zera galdetu behar diogu: Zergatik? Zeintzuk xede ditu NATOk? Zein suposatzen da dela bere betebeharra? Nori galdetzen diogun tamainako erantzuna jasoko dugu. Erakunde moduan NATO bere horretan mantentzeak, lau agente ditu: Estatu Batuak, Gerra Hotzean kide izan ziren gainontzeko estatuak (1952az geroztik 15 kide), kide berriak eta Ekialdetik, Europa Erdialdetik eta Errusiatik bertako kide izanen direnak. Lau hauetako bakoitzak ikuspuntu ezberdina dauka eta baita gogo ezberdinak ere.

      Europar Mendebaldeko estatuez has gaitezen hizketan. NATO eratu zenean, Sobietar Batasuna mehatxu militarra zela pentsatzen zen eta horren aurrean babes militarra eratzeko helburua izan zuten. Estatu Batuetako tropak Europan geratzeko berme eta ziurtasuna ematen zien Itunak, eta eraso bat egonen balitz, edo Berlingo blokeoa izan zitekeen bezalako neurri militar baten aurrean, batera jokatuko zuten ziurtasuna zuten bai batak eta bai besteek. Nola, ez herrialde hauetan guztietan NATOren aurkako pertsonak eta erakundeak egon ziren, edo aurka ez bazeuden ere, ez zuten begi oso onez ikusten behintzat. Esaterako hor zeuden Alderdi Komunistak, bakearen aldeko mugimenduak, eta besteren bat ere bai. Baina esan daiteke herrialde hauetako gehiengo handi bat ados zegoela.

      Beste modu batean izan ez zitekeen modura, kexak ere egon ziren: oraindik koloniak zituzten herrialdeek pentsatzen zuten ituna beren kolonien babesera luzatu eta zabaldu behar zela. Baina nahi hori erabat alde batera utzi zuten Estatu Batuek, izan ere bere laguntza militarra eta kidego politikoa ukatu egin baitzien nazio askapen mugimenduen aurka zeuden Europako herrialdeei. NATO erakundea erabat Europa eta Atlantiar gatazketara mugatu zen ituna izan zen. Denbora horretan guztian Estatu Batuek eskakizun bat izan zuten; NATOko indarren komandate nagusia jeneral estatubatuar bat izatea. Eskakizun hau onargarria izan zen mendebaldeko Europako estatuen ustean, horrek Estatu Batuak itunean jarraitzeko bermea adierazten baitzuen.

      Mendebaldeko Europa ekonomikoki eta politikoki indartsuago egin zenean, eta Europar Batasuna eraikitzen hasi zenean, serio hasi zen europar ejertzito bat eratzeko beharra aztertzen. Frantzia eta Alemania 1987an helburu hau bultzatzearen alde ageri ziren. Estatu Batuak auzi honi zegokionean oso hotz azaldu ziren. Publikoki ez zuten beren desadostasuna azaldu, baina ahal izan zuten guztia egin zuten ideia hau atzeratu edo saboteatzeko; zentzu berean mendebaldeko Europako edozein estatu, modu batean ez bazen bestean NATOn "egon beharra" azpimarratu zuen. Dena dela Vartsoviako Ituna desagertu zenean, eta gero 1991n Sobietar Batasuna bera, europar ejertzito bat eratzeko asmoak gero eta aurreratuagoak zeuden.

      Estatu Batuek neurriak hartzeari ekin zieten, betiere europar ejertzito bat eratzekotan, independientea izan ez zedin. Esate baterako neurri bat izan zen, paper baten sorrera NATO barnean zeuden europar estatuentzat: "bakea mantentzea" gerra bukatu zenean (AEBk irabazitako noski); ideia hau praktikan jarri zen Bosnian, Kosovon, eta hein batean egun Afganistanen. Europarrei egokitzen zitzaien beraz Estatu Batuetako iritzi publikoaren ustez politikoki okerra zena "garbitzea", eginbehar zikin eta gustuko ez dena, baina aldi berean epe luzera oso garrantzikoa ez dena.

      Eta NATO zabaldu "eginen" zen. Zergatik zen hau hain garrantzizkoa? Ituna orain noren aurka arituko zen?Europa erdialdeko eta Ekialdeko estatuen sarrera NATOn (hiruren kasuan sarrera onartuta dago eta beste batzuena bidean) bi jomugarekin egin zen: mendebaldeko Europako estatuek gero eta zailago, ezinezko ez esateagatik, izan zezaten Errusiarekin inolako bateratze politiko edo militarra burutzea. Horixe da Estatu Batuen amesgaizto geopolitiko okerrena, nahiz eta Txinaren botere militarrak ere asko kezkatzen duen. Bigarren mailan, mendebaldeko Europaren bateratze kultural eta politikoa zailtzea. Horretarako amerikarren aldeko Europa erdialdeko eta Ekialdeko elementuak sartuko ditu Europar Batasunean. Behin NATO zabaldu zenean, Europar Batasuna estutu zuten berehala "zabal" zedin, gutxi gora behera NATOn egin zen moduan. Honek ez ditu bakarrik politikoki indartsu izanen den Europa sortzeko zailtasunak ekarriko, ekonomikoki ere ahuldu egiten du, mendebaldeko Europaren baliabide ekonomikoak (ez Estatu Batuetakoak) bideratu beharko baitira Erdialdeko eta Ekialdeko Europan hobetze aldera jo nahi bada behintzat.

      Erdialdeko eta Ekialdeko europarrak aldiz, oso gustura daude egitea egokitu zaien rol horretan. "Europaren" zati izan nahi dute eta mendebaldekoen antzekotzat hartuak izan daitezen nahi dute. Baina Estatu Batuen munduko partaide izateko nahia handiagoa da haiengan eta nola edo hala AEBei lotuta egon nahi dute. Handik, lurrean dagoen paradisu baten moduan ikusten dira Estatu Batuak eta Errusiaren beste aldea. Haiek nahi izanen luketen azken gauza Errusia Europako edozein erakundetan sartzea izanen litzateke.

      Errusiarrak bistan den moduan, ez dira itsuak eta gertatzen ari den guztiaz aski ongi jabetzen dira. Lehenik eta behin, mehatxupean NATOren zabaltzea geldiarazi nahi izan zuten. Baina mehatxu horiek losintxak baino ez ziren eta ez zuten inor mindu, are gutxiago Estatu Batuak. Orain, beraz, atzeko atetik sartzea erabaki dute, NATOren egoera hobeki kontrolatzen ahalko dutela uste baitute barne-barnetik. Akordio berezi bat garatzen ari dira (19+1 moduan ezagutzen dena kale hizkuntzan), non Errusia NATOren ia kide izendatzen den.

      Bi galdera egin beharko genituzke gertatzen ari den honen inguruan: Zergatik utzi dute mendebaldeko europarrek hau honela gertatzen? Eta zer nahi dute benetan Estatu Batuek? Lehenengo galderaren erantzuna bigarrenarena baino zailagoa da. Elementu bat baino gehiago dira erantzun beharrekoak mendebaldeko Europaren aldetik. Oraindik jende heldu izugarri dago (eta nola ez botere kontseiluetan oso ongi ordezkatuta daude) Estatu Batuei "eskerronez" begiratzen dienik eta esker on hori ordaintzeko moduetan pentsatu behar dela. Batzuk ados daude Europaren etorkizuna Estatu Batuen eskutik helduta ikustean, batez ere zibilizatu gabe dauden herri batzuen aurrean.

      Baina agian oraindik ere garrantzitsuagoa da europarrak, aztergune geopolitiko azkar horiez gain, bateratze politikoaren abiadurarekin mesfidati egotea. Eta hori horrela izanda, ez dute batere argi ikusten Errusia etxean sartu nahiaren abiadura eta zenbateraino nahi dituzten ondoan. Europak noizbait benetako potentzia ekonomiko eta politiko bat eratu nahiko balu, ezinbestean Errusia beharko luke aldamenean; indar militar europarra gogortzeari begira eta europar barne merkatu ekonomikoari begira.

      Estatu Batuei dagokionean, harrigarriena, honen guztiaren ondoren NATO gero eta gutxiago behar eta nahi izatea da. Mantendu nahi badute Europa bere kontrol edo eraginpean izateagatik da, baina ez dute militarki miresten. Irailaren 11ko erasoen ondoren garbi asko geratu zen hauxe bera. Irailaren 13an Lord Robertsonek NATOren izenean hitz egin zuen eta Itunaren 5. artikuluaren izenean behar izanen zen laguntza militar guztia eskaini zuen. Artikulu hau ez zen abian inoiz jarri orain artekoan. Esku luzatze hori, albo batera utzia izan zen isilpean. Estatu Batuek arrastaka daramaten untzi militar zahar baten gisara ikusten dute NATO. Kosovon bertan, NATOren izenean egin ziren gatazkak. Militar estatubatuarrak beste kide batzuekin erabakiak hartzeko garaian liskarrak izan zituzten eta ez daude egoera horiek onartzeko prest, ez zitzaien batere gustatu eta ez dute hori errepika dadin nahi. Estatu Batuak oso ziur daude, ez dute NATO behar eta munduko egoera militarra haien kabuz menpera dezaketelakoan daude. Europarrek laguntza logistikora mugatu beharko lukete eta Estatu Batuek nahi duten bakea mantentzera.

      Xelebreena da azken egun hauetan Estatu Batuak NATOren indarra -eta batek daki bizi iraupena bera- zalantzan jartzen aritzea.

      Immanuel Wallerstein (2002ko martxoak 1)


      © Immanuel Wallerstein 1998, 1999, 2000, 2001.

      Copyrigth-ren jabegoa, Immanuel Wallerstein. Kopia eskubide guztiak bere eginda. Iruzkinak disko gogorrean kopiatu daitezke, euskarri elektronikoen bidez hedatu edo posta elektronikoaren bidez igorri, baina ezin daitezke inongo euskarri inprimatutan zabaldu copyright eskubideen jabe den pertsonaren baimenik gabe (iwaller@binghamton.edu).